XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tartean itsas-zabala dugun honetaz baliatu nahi nikek, mihi-punttan maiz, baina izkiriatuak nekez, izan ditugun ideiatan sakontzeko.

Trostan gabiltzak bertsotan, herriz herri etengabe. Arnasaldia ospeak, eskeak eta geure buruak galarazten zigutek. Abagune polita duk hau, bertsogintzaz oldozteko, egiten ari garena eta egin asmo duguna zalantzan jartzeko.

Lasai ederrean arituko nauk ni behinik, ez baitut jakingo, gainera, hire lehen gutuna heldu arte, munduaren haranzko muturreko zokorik zokoenera nire hauek iritsi diren ere.

Betiko gisan nabilek ni. Hire moduko txirrindulari arinak malda luzeetan goitik behera ibiltzen diren legez, xaltoka-xaltoka, ipurdia esertaulkian ongi asentatu ezinik. Txapeldun nauk, plazari neurria hartu behar niokek, hortik bizi naizela ondo nireganatua zaukaat... eta eleberri bat idazteko grina sortu ez zaidak bada! Ahaleginak kantura baino makurtu behar ez nituzkeen honetan, kaskezurrean sartua diat nobela ditxoso horrena.

Errima sortak, esamoldeak, arrazoiak, doinu-neurriak eta horrelakoak landu behar nituzkeen sasoiotan, Krexentxio eta Krexentxio eta Krexentxio baino ez zabilkiat gogoan.

Krexentxio duk sortzen ari naizen auskalo-zer honen ardatz. Narratzailea aitzakia soila, bidenabar esanda kazetaria-edo duk, gaztea, Santa Ageda-edo horrelako eroetxe batera jo dik bertan dagoen idazle ospetsu bati edo, elkarrizketa bat kentzera.

Idazle horren atzetik dabilela, haren adiskide batekin egin dik topo, Krexentxiorekin. Eta Krexentxiok kontatuko zizkiok bere pasadizo eta usteak, garai bateko ekintzak eta oraintsuko pentsamenduak...